XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Errepikatu egin zuen galdea:

- Horazio Beristain hemen al dago, mesedez?

Erantzutea kosta egin zitzaion Horaziori, pasiloetako murmurioetatik urrun, leiarren atzeko bugainbilea more baten gainean hegaka zebilen mandeuli batean baitzeukan itsatsita arreta, udako sargorian zapaldutako txiklea zapatapean itsasten den moduan.

Horaziok zerbaiti erreparatzen bazion, kosta egiten zitzaion gero arreta handik erretiratzea.

Minutuak, orduak... bizitza osoa eman zezakeen mandeuli haren hegadari begira.

Beste ezertan pentsatu gabe gainera.

Behin halaxe geratu zen pinu-har bati begira eta kapulu guztia amaitu zuen arte ez zen ohartu jateaz, ez edateaz, ez eta bere aitak semearen faltagatik izan zezakeen kezkaz.

Denboraren zentzua gainontzekoongandik ezberdina baitauka Horaziok, beste gauza asko bezala.

Doktoreak alde egiteko keinua egin zuenean, alboan zeukan atso tiki batek jo zuen ukalondoaz, erne zedin, eta orduan bakarrik konturatu zen Horazio hura Ospitale Komarkala zela eta 209 jartzen zuen ate zuri haren atzeko gelan aita zeukala ohe batean etzanda, gaixorik, oso gaixorik.

Eskuan beirazkoa edo plastiko gogor gardenezkoa izan zitekeen kaxatxo bat zeukan Horaziok.

Kaxaren barruan, amuarrainak harrapatzeko amu berriak: batzuk euli itxuran eginak eta besteak mitxilikoten tankeran.

- Bai, ni Horazio esan zuen, bugainbilea eta mandeulia zeuden lekuan lagata.

Rekarte doktoreak, eskua emanez diosaldu ondoren, ate hartan barrura laguntzeko erregutu zion.